Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Udan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.
Kattalin Arabolaza Palomo (Oiartzun, Gipuzkoa, 2009). 9 urte zituela hasi zen bertsotan, Haurtzaro Ikastolako bertso eskolan, eta bertan aritu zen DBH 2. mailara arte. Oreretako Xenpelar Bertso Eskolan jarraitu zuen bertsotan, eta orain Oiartzungo Martzelina elkartean ere ari da. Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan parte hartu du bi aldiz. Bietan finalera iritsi da.
Gu garela arazoa
Doinua: Askatasunaz.
1.-
Gaur eguneko kontua da hau
ez biharra, ez atzoa
teknologiak jo duenetik
guganako erasoa
hor etortzen da adikzioa
izeneko marrazoa
ta pantaileri nahiz ta botatzen
diegun erru osoa
ez ote gara konturatuko
gu garela arazoa
2.-
Egunez egun gai honek dauka
ikaragarrizko sona
dirudienez pantailek dute
falta zaigun zoriona
haurrena ere ailegatu da
ta tamalez ezta broma
horren goiz hartzen dute eskutan
ta gainera marka ona
ia idazten ikasi aurretik
jasotzen dute aifona
3.-
Pisa dorrea Erroman dago
eta Parisen Eiffela
ahalik urrunen bidaiatuta
handitzen denez nibela
irri txiki bat argazkirako
ta postureo itzela
ta sareetan zintzilikatu
ezin zitekeen bestela
jendeak gu non ibili garen
jakin nahi balu bezela
4.-
Mobila hartu eskutan eta
ia dirudigu markes
orduak pasaz txateatzeko
ohean etzanda ahuspez
ta aurrez aurre hitz egiteko
hain lotsati ta hain trakets
beraz, atea jo beharrean
ez nau harrituko batez
bizilagunak gatza eskatzeko
idatziko dit uatxapez
5.-
Instagrameko historia bat
eta tiktokeko trenda
hatzaz goraka pasa ohi dugun
ehunka reelsen zerrenda
zenbat denbora pasatzen dugun
ezin genezake zenba
pantaila aparte uztea horren
konplikatua al zen ba?
Kontrolatua zirudiena
beharrezko bihurtzen da
6.-
Begira zagun gugana eta
gutxiago ingurua
bakoitzak hasi behar du eta
bere kontrako gudua
ez dezagula alferrik galdu
minutua, segundua
ohartu gabe tita batean
aldatzen denez mundua
orainak ihes egin aurretik
altxa dezagun burua
30 Aug 2025
Danel Herrarte | Bizi ditudan bi munduari jarriak
Danel Herrarte (Aramaio, Araba, 2004). Peru Abarrategi irakasle zuela hasi zen bertso eskolan, gaztetxotan. 2019ko Arabako Eskolartekoan kantatu zuen lehenengo aldiz, eta hurrengo urtean Kuadrillarteko Sariketako txapela irabazi zuen, Aramaioko Izenbakuek taldeko kide modura. Arabako Bertsolari Txapelketan bi bider kantatu du gaur artean; 2022an parte hartu zuen aurreneko aldiz, eta iazko txapelketan ere aritu zen kantuan.
Bizi ditudan bi munduari jarriak
Doinua: Elizan sartu ziradenian A
1.-
Mundu honetan badaramatzat
ia hogeita bat urte
Ta gutxiegi direla ere
edonork esango luke
Aitakeria jarrera_ordea
ona denik ez dut uste
Nik hogeita bat urtez bizia
bertsotan jarri nahi nuke
2.
Baserri giro bete-betean
jaio nintzen buruz buru
Baina ni enaiz baserritarrik
finena izan seguru
Bizi izan ditut baserri giro,
herri eta hiriburu
Eta kanpotik begiratuta
bereizten ditut bi mundu
3.
Nahizta bakoitzak ireki didan
maitasun handiz atea
Nabaria da bi mundu hoiek
duten polaritatea
Baserriaren lan beharra ta
hiriaren disfrutea
Nola uztartu litezken zail da
niretzako esatea
4.
Jende artean naizenaz inoiz
agertu arren lotsati
Lotsak harrotzen ongi_ikasi dut
denbora_aurrera joaki
Harrotasuna ez da ordea
baserri giroan aski
Probatu duen gozo bat ezin
ken dakioke haur bati
5.
Konfort gunea alboratzea
kontu erraza al da ba
Nahizta guztiok gustuko dugun
bizimoduan patxada
Gizartearen lege berriei
jarraika ari bagara
Aurrerapena atzerabide
izango da beharbada
6.
Nola guztiok gurpil berari
bultza ta bultza gabiltzan
Ni ere enaiz gurpil hortatik
bereizteko kapaz izan
Baina bereiztu izan nautenez
gauza batzuek bizitzan
Horra sei bertso nire bizitzaz
nahi duenak entzun ditzan
23 Aug 2025
Patxi Iriart | Memoriaren olana
Patxi Iriart (Hiriburu, Lapurdi, 1988). Zientzia Ekonomikoetan lizentziaduna da. Euskal Herriko Laborantza Ganberan ari da lanean 2014. urteaz geroztik.
11 urte zituela, Baionako bertso eskolan hasi zen Karlos Aizpurua irakaslearen gidaritzapean. Bere lehen plaza bertso eskolako lagunekin egin zuen Baionan.
Azken urteetan Itsasuko bertso eskolako kide da.
Txapelketei dagokienez, eskolartekoetan parte hartu du hainbat urtetan, eta 2004an Xibero, Lapurdi eta Baxenabarreko Gazteen Xapelgoa irabazi zuen. Xilaban ere hainbat alditan parte hartu du, eta 2021ean finalean kantatu zuen. 2022an Bertsolari Txapelketa Nagusian aritu zen aurrenekoz.
Memoriaren olana
Doinua: Orainaldiko idazlan batek
1.-
Hirurogeita hamabostean Franco jenerala
Borrokaturik jarri zieten gerla tribunala
Zuzenaren kontra bala
Garbitu zituzten hala
Jon eta Angel, Jose, Ramon ta Humberto bezala
2.-
Guretzat Txiki ta Otaegi bada historia
Entzun dut beren motiboetan ez zela ongia
Gogora-ren teoria
Egiaren hilobia
Orai garbitu nahi al dute gure memoria?
3.-
Frankismoaren kontra borrokan emanik bizia
Nora joan da errespetua, nora dezentzia?
Utzitako herentzia
Ez da ez delinkuentzia
Nola ez dira izanen gure erreferentzia?
4.-
Orduan bizi baziren Franco ta faxisten peko
Gaurko solasak bizikidetza eta bakez lepo
Debekua oroitzeko
Trantsizioa zer zepo
Demokraziak badu oraindik bide egiteko
5.-
Kondaira bera emanen dute bihar eta etzi
Beharko dugu gure egian itsuki sinetsi
Nahiko gaituzte hertsi
Baina ezin dugu etsi
Diferenteak baikara ezin gaituzte irentsi
6.-
Otaegi ta Txikik merezi dute narratiba
Beren izenak jalgi ditzagun zulotik argira
Olana berriz mendira
Olana plaza erdira
Zuzena hori delako eta gureak baitira
Reach and audience
Public platform figures. Ratings count people who left a rating, not total listeners.
Spotify
5.0 / 5
1 ratings
Host of Bertso jarriak?
Claim your podcast to manage its listing and keep your show details accurate.
Pod Engine is an independent podcast discovery and analytics service and is not affiliated with or endorsed by this podcast. Artwork and show content belong to their owners. Full legal notice.
Explore this show Podcast research with Pod Engine